Hegelzale gazteak
Hegelzale gazteak (Junghegelianer), geroago hegelzale ezkertiar bezela ezagutuak (Linkshegelianer), irakasle gazte eta ikasleek osatutako talde bat zen Berlineko Humboldt Unibertsitatekoa, hauek, Hegel-en lanaren jarraitzaileak ziren. Beraien artean ezagunena Karl Marx izan zen, eta Marx-en eta Hegel-en arteko erlazio intelektualak ikerketa asko sustatu ditu hegelzale gazteeei buruz.
Eskuin eta ezker hegeliarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegelen eragina izugarria izan zen Alemanian eta Europan XIX. mendearen erdialdera arte. Bereziki gizarte-zientziak eta historia ulertzeko moduan nabaritzen da hori. Hegel hil zenean bere ideiek ez zuten jarraitzaile zuzenik aurkitu eta hegelianismoak bi noranzko hartu zituen: Eskuin hegeliarrak eta Hegelzale gazteak edo ezker hegeliarra. Eskuineko hegelianismoa teista da eta erlijioa biziberritu nahi du, ezkerrekoa ateoa da eta erlijioa filosofian gainditua izan dela aldezten du. Eskuineko hegelianismoak gogo absolutua azpimarratzen du, eta ezkerrekoak ikuspegi materialista garatzen du. Ezkerreko hegelianismoa emankorragoa izan da, Feuerbach, Marx eta Engels bezalakoengan eragin baitu.[1]
Hegelzale gazteak unibertsitateko eta gobernuko estamentuetan nagusi ziren eskuin hegeliarra izeneko beste korronte hegemoniko baten aurka zeuden. Eskuin hegeliar horren aburuz, dialektika hegeliarraren gertaera historiko guztien multzoa bukatuta zegoen beraien gizartean, eta estatua eta gizarte prusiarra, aldaketa dialektiko guztien gailurra ziren (Estatuaren garapen-maila handia, unibertsitate garrantzitsuen presentzia, garapen ekonomikoa eta enplegu-tasa handiak aipatzen zituzten). Prusiako estatuaren ikuspegi positibo eta nazionalista horren kontrara, gazte hegeliarrek uste zuten beste aldaketa dialektiko asko gertatuko zirela, eta garaiko gizarte prusiarra perfekziotik urrun zegoela, pobrezia-poltsak, gobernu-zentsura eta luteranoak ez zirenen diskriminazio erlijiosoa biltzen baitzituen.
Unibertsitateek ez zituzten gazte hegeliarrak aintzat hartzen, erlijioari eta gizarteari buruz zituzten ikuspegi erradikalengatik. Irakasle batzuk dimititzera behartu zituzten, ikasle batzuei, hala nola, Marx gazteari, Berlingo Unibertsitatean lanak baztertu zizkieten.
Garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen gazte hegeliarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gazte hegeliarren historia 1835ean hasten da, influentzia handia izan zuen eta baita ere eztabaida handia sortu zuen liburu batekin: David Straussen Jesusen bizitza. Testu honetan, Straussek ebangelioen eta Jesusen bizitzaren interpretazio bat ematen du, Hegelen premisa filosofikoetatik abiatuz haren ondorioak eta horren gaineko ikuspegi ofiziala baztertzen dituena. Horrela, lehen aldiz Hegel bere buruaren eta ezarritako ordenaren aurka itzultzen da. Straussentzat, Jesusen irudiak, zeinaren existentzia bera zalantzan jartzen duen, gizateriak garai hartan lortu zuen autokontzientzia maila pertsonifikatzen du. Horrela, Jainkoa eta Jesus gizatiartu egiten dira, eta gizadia da, historiaren subjektu kolektibo gisa, lehen planora igarotzen dena. Hala dio Straussek: "Leial izan gaitezen jainkotiar-denaren eta gizatasun-denaren arteko batasunaren ideiarekin, baina ez dezagun izaki bakar batean egikaritzea bilatu, gainerako guztiak izaki hori kenduz, gizadi osoan baizik: izaki singularren ezberdintasunean da, elkarren artean osotasuna osatzen eta elkarrekin osotasun bat osatzen dutenetan, batasun hori askoz ere modu handiagoan erreal bihurtzen dela, izaki bakar batean giltzapetu eta bukatutzat hartzen badugu baino. Gizadian Jainkoa ez da behin ere gizaki egin, infinituki baizik; harengan bizi du bere indarraren osotasuna. Straussek oso modu zorrotzean laburbiltzen du arrazoiketa hegeliar hau: "Gizateria Kristo da"[2]. Eskandalua berehalakoa izan zen. C A Eschenmayer Turingiakoak Strauss Judas berri bat bezala deskribatzen du eta luterano ortodoxoek, E W Hengstenberg Berlingo katedraduna buru dutela, gogor kondenatzen dute. Straussen aldeko eta kontrako artikuluak idazten dira, eta gobernuak halako teologo heterodoxo baten aurka esku hartzeko aukera ikertzen du. Horrela, hegeliarrak esku hartzera behartuta aurkitzen dira, eta Straussen defendatzaileak, hegelianismo gazte bezela sortuko den nukleoa izatera pasatzen dira. Horrek ez du esan nahi liburu honek sortu duenik banaketa eremu hegeliarrean. Hura, McLellandek dioen bezala, jadanik existitzen zen, baina, batez ere, ezkutuan. Straussen obraren inguruko polemikak argitara atera eta erradikalizatu egin zuen, aurrez aurre zeuden bi aldeen artean gorputz-zentzua sortuz.
Erlijioaren kritikatik kritika iraultzailera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1839 arte, gai teologikoei buruzko eztabaida oso konplexuak eta esoterikoak nagusi ziren gazte hegeliarren zerumuga kritikoan. Kritika honen puntu nagusia erlijioa oro har eta kristautasuna bereziki gizakiaren eboluzioaren emaitza historikotzat hartzea da, une jakin batean giza autokontzientziaren forma altuagoek gainditzeko xedea duena. Baina, egia esan, kritika guztiz onartezina egiten zuena une hori jadanik Hegelen filosofiarekin batera iritsia zelako postulatua zen. Horrela, erlijioa zaharkitu egiten zen eta bere rol historikoa galtzen zuen, bereziki Prusiako Estatuaren funtsezko euskarri ofizial gisa. Gazte hegeliarren mezua zen Prusiako Estatuak bere misio historikorako oinarri egokiagoa behar zuela, eta oinarri hori filosofia besterik ezin zela izan. Horrela, lehen aldi horretan, hegeliar gazteak ez dira inola ere egungo erregimen politikoaren aurkaritzat hartzen, baizik eta bere benetako defendatzailetzat, eta hori indartu nahi dute, bere asmo altuetara hobeto egokituko luketen erreformen bidez. Boterea konbentzitzeko bilaketa hau; erlijio-maila txikitzeko eta arrazionalagoa bilakatzeko, hau da, filosofikoagoa, lekua galtzen joan zen pixakanaka, eta Hegeli bere ondorioetan erradikaltasunik ez zegoelako kritika laster hasi zen beste eremu batzuetara zabaltzen. Horixe izan zen historiaren filosofiaren kasua. 1838an, August von Cieszkowski konde poloniarrak historiaren filosofiari buruzko “Prolegómenos” izeneko benetako obra nabarmen bat idatzi zuen. Lan horretan, Hegelen filosofiak ez zuela historiaren amaiera markatzen adierazi zuen, dialektika historikoaren mugimendu triadikoaren hirugarren eta azken etaparen hasiera baizik. Hegelek hasitako hirugarren une honekin amaitzen da zikloa, non Espiritua, lehenik, « An sich » (berez edo « Selbstsein ») zen, eta ondoren, « Für sich » (« beretzat » edo « das Selbstdenken » bezala), eta orain, « Aus sich » (« bere buruaz edo bere onetik kanpo Selbsttun »). Triada horrela doa, modu sinplean esateko, izatetik pentsamendura eta pentsamendutik ekintzara. Azken unea «praxia» da, non gizateriak errealitate bat eratzen duen arrazoiaren arauen arabera[3]. Historiaren une goren hau da, Leszek Kolakowskik dioen bezala, "subjektibotasuna naturarekin, Jainkoa munduarekin, askatasuna beharrarekin, oinarrizko nahiak kanpoko aginduekin adiskidetuko dituen unea. Zerua eta lurra betiko adiskidetasunean elkartuko dira, eta izpirituak, bere buruaz erabat kontziente eta erabat aske, ez ditu jada bereiziko munduan duen bizitza aktiboa eta hartaz duen pentsamendua"[4]. Honela, Zieszkowskik bere begirada etorkizunera bideratzen du eta, batez ere, ekintzara, berak “praxiaren filosofia” deitzen duena formulatuz. Horrela, filosofiak rol aktibo, hezitzaile eta iraultzailea hartzen du, laster ezker hegeliarraren gerra-oihua izango dena “filosofiaren errealizazioa”. Horixe egingo du Marxek 1845eko Feuerbach-i buruzko hamaikagarren tesi ospetsuan: filosofoek mundua era askotara interpretatu besterik ez dute egin, baina mundua eraldatzea da kontua. Horrela, Hegelen dizipuluek, kredo iraultzaile bat formulatu ahal izateko, Fichteren « sollen » (« izan behar du ») delakora itzuli beharko zuten, eta Hegelek, pentsalari guztiz antiutopikoa zenez, hainbeste kritika egin zizkion. Horrela, Cieszkowskik modu esplizituan hausten du etorkizunari buruz hitz egiteko debeku hegeliarra, eta zeregin hori hausnarketa filosofikoaren funtsezko zeregin bihurtzen du.
Gazte hegeliarren erradikalizazio politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zieszkowskiren filosofia futurista, hegeliar gazteen artean nagusi zen aldarte milenarista hura adieraztera etorri zen, bere garaia giza eboluzioan eta kualitatiboki ezberdina zen aro baten hasieran funtsezko zatikatze puntu bat zelako ziurtasunean oinarritua. Gainera, sinetsita zegoen garai berri honen sorreran filosofiak, beraiek gorpuztuta, funtsezko papera izango zuela. Uste hori, lehenik, barrutik, momentuko ordena aldatzeko ahaleginetan bideratu zen, eta egileak beraiek konbentzitu ziren autoreformatzeko beharraz. Gero, botereak jazarpenarekin erantzun zuenean filosofo gazteen deiadarrei entzun beharrean,aktitudea, askoz ere desafiatzaileago bihurtu zen, geroz eta erradikalizatuago, harik eta Bauerren elitismo kritikora, Hess, Engels eta Marxen komunismora, Bakuninen anarko-komunismora eta Stirnerren indibidualismo erradikalera iritsi arte. 1838 eta 1842 artean, gaztehegeliar mugimendu gehiena Hallische Jahrbüchertarren inguruan biltzen da, Arnold Rugek argitaratutako aldizkaria, 1841etik Deutsche Jahrbücher deitzera pasa zena. Ruge da, hain zuzen ere, garai hartan bere lagun gazteen erradikalizazio politikoko mugimendu haren abangoardian zegoena, 1840an hasi, 1841ean sakondu eta 1842-43an amaitu zena. Garapen hori honela laburbil daiteke: Gazte hegeliarrek itxaropen handiak dituzte Prusiako errege berriak, Federiko Gilen IV.a, 1840an boterea hartu zuenak, bere asmo erreformistak eta liberalak gauzatzeko bidea ireki zezan. Horrelakorik, ordea, ez zen egia bihurtuko. Errege berriak berehala erakusten du oso aurpegi kontserbadorea, Alemaniako tradizioko ohiturarik bitxienak berpizten saiatuz. Errege berriak, gazte hegeliarrengan, kritikari lotsagabeek osatzen duten talde bezela ikusten du, eta laster sortuko da bien arteko gatazka. Gazte hegeliarrek erradikalizatuz eta dagoen ordenaren aurkako kritika zabalduz erantzungo dute. Bere liberalismoak demokratismorantz jotzen du, non monarkiaren oinarriak berak zalantzan jartzen diren. 1842ko hasieran, Arnold Rugek publikoki aldarrikatzen du bere uste demokratikoa, eta bere lagunei, Auguste Cornuren adierazpenaren arabera, liberalismoa demokratismo bihurtzera[5] deitzen die. 1842ko martxoan, Bruno Bauer Marxen lagun mina eta hegelianismo gaztearen figura handienetako bat zena, bere irakasteko lizentziaz gabetzen dute, eta hau, bere lagun gazteek monarka berriaren eta bere kritikoen arteko konfrontazio definitiboaren seinale gisa interpretatzen dute. Beren harridurarako eta etsipenerako filosofo gazteek ez dute inolako babesik aurkitzen beren borrokan, eta horrek gero eta jarrera suminduago eta elitistago batera eramaten ditu. Bauerrek eta bere zoritxarreko lagunek horrela ikusten dituzte – axolagabetasun publiko osoaren aurrean – itxiak karrera haietako ateak, Bauerrek bezala, edo laster hasi behar zutenak, Marxek bezala. Egoera horrek eragin erabakigarria izango du hegelianismo gaztearen garapenean, eta arrasto ezabaezina utziko du marxismoan bertan. Hortik mesprezu bereizgarri bat sortuko da masa sorgortuarekiko, historiak eskatzen diona ulertzen ez duena edo ulertzen ausartzen ez dena. Masa horren aurrean elitea kristalizatuko da, historia ulertzen duen eta bere deia onartzen duen abangoardia argitu hori, eta, horregatik, gidatzeko eskubidea lortuko du, eta, beharrezkoa izanez gero, masa kamustu horren gainean hertsadura erabiltzeko eskubidea. Erretorika mingots honek Bauerren eta bere lagun erradikalen idazkiak ezaugarrituko ditu, baita bakardade politikoak eta estigma sozialak ere. Horrek, 1844an, hainbat barne-gatazka bortitz sorrarazi zituen, eta, azkenean, gazte hegelianismoa suntsitu zuen, joera filosofiko gisa edo entitate politiko gisa. Batzuk bakardadean babestuko dira, Bauer bezala, eta beste batzuk, Marx bezala, beren ideia iraultzaileak gorpuztu ahal izango lituzkeen masaren bila abiatuko dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Uribarri, Ibon (2008): “Hegel” in Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. 298. or
- ↑ (Alemanez) Strauss, David Friedrich. (1836). Das leben Jesu. C. F. Osiander (Noiz kontsultatua: 2021-12-14).
- ↑ Cieszkowski, August. (1981). Prolegomena zur Historiosophie. F. Meiner ISBN 3-7873-0510-6. PMC 8518160. (Noiz kontsultatua: 2021-12-14).
- ↑ Leszek., Kolakowski,. (1985). Las Principales corrientes del marxismo : su nacimiento, desarrollo y disolución.. Alianza ISBN 84-206-2976-6. PMC 889903959. (Noiz kontsultatua: 2021-12-14).
- ↑ (Frantsesez) Cornu, Auguste. (1955-01-01). Karl Marx et Friedrich Engels, leur vie et leur œuvre (1) Les années d'enfance et de jeunesse, la gauche hégélienne, 1818/1820-1844. FeniXX réédition numérique ISBN 978-2-307-04103-0. (Noiz kontsultatua: 2021-12-14).